Hezkuntza

Hezkuntza

domingo, 21 de diciembre de 2014

Hausnarketa gehiago

Taldeko lanaren hausnarketa

Nire taldekideen eta nire lanari dagokionez, esan beharra dago landu behar izan dugun testua erdaraz egon dela eta, ondorioz, euskarara itzuli egin behar izan dugula. Hala ere, laguntza pixka bat izan dugu. Izan ere, testuaren hasieran laburpen txiki bat ageri da eta horrek testuaren mamia errazago ulertzea eragin du.

Taldeari begira, aipatzekoa da ez garela oso ondo koordinatu eta lanaren gehiengoa bakoitzak bere aldetik egin behar izan duela. Dena dela, azkenean, guztion bakarkako lana komunean jartzea lortu dugu eta, beraz, denon ikuspegiak izan ditugu kontuan.

Azkenik, aurkezpenaren eguna heldu delarik, nahiko ase eta pozik geratu garela esan dezakegu, aurreikusitako helburuak bete direla uste baitugu. Aukeratu dugun programa oso entretenigarria eta ulerterraza da eta, aldi berean, orijinala. Gainera, letrekin batera eskaintzen dituen irudiak, mugimenduak edota musika oso onak dira kideen arreta geureganatzeko. Laburbilduz, jendea nahiko adi egon da eta aurkezpena ez da astunegia izan, hasiera batean izan genezakeen beldurretako bat.

Baliteke arinegi egitea eta, horregatik, jendeak irakurtzeko denbora gehiegi ez izatea. Baina, hala eta guztiz ere, klasekideek aurkezpen osoan zehar arreta mantendu dute eta horrek, oro har, sentsazio onak eman dizkigu.

 

Ikasgaiari buruzko hausnarketa

Hausnarketa orokorra:

Hasiera batean, IKTko ikasgaiarekiko nuen interesa oso handia zen eta gaur ere horrela izaten jarraitzen du. Hezkuntza arloan ezinbestekoa den erreminta bat dela uste dut eta hauek erabiltzea aldarrikatu behar dela, betiere kritikotasunez noski.

Hala ere, esan beharra dago ikasgaia pixka bat motz gelditu zaidala, hots, beste zerbait egitea espero nuela, esate baterako, IKTek eskaintzen dituzten aukera eta bitarteko desberdinak ezagutzea edota hauek praktikan jartzea.

Hau guztia praktiketan baino ez dugu ikusi eta normal da, praktiketan jarduera praktikoak egiten direlako. Baina saio teorikoak teoria hutsean baino ez dira oinarritu eta azkenean horrek ez digu ikasgai honekiko geneukan interes nahiz motibazio hori berpiztu.

Esan nahi dudana da, nire ustez, klaseak beste era batean egituratuta egongo balira eta ariketa praktiko gehiago egingo bagenitu, ikasgaia erakargarriagoa izango litzatekeela. Irakaslearen azalpenak eta gelan landutako testuak interesgarriak izan dira, batzuek ez digute gauza berririk esan (alde aurretik bagenekielako) eta beste kasu batzuetan asko ikasi dugu (adibidez, konpetentzia digitalari edota eskola 2.0-ri buruz).

Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, ikasleon arreta eta interes falta igotzen joan dela nabarmendu da, batik bat, gero eta jende gutxiago joan delako klaseetara. Beharbada saio hauek beste era batean antolatuta egongo balira (praktikoagoak eta dinamikoagoak izango balira), gure etortzea handiagoa izango litzateke eta aipatutako interesak berdin segituko luke.
 

Hamargarren saio teorikoa

10. Saioa: Abenduaren 18a

Gaur IKT ikasgaiko azken eguna izan da eta dokumentatzaileetako azken taldeak bere lana aurkeztu du. Taldekideek nahiko ondo azaldu dute guztia eta gogor lan egin dutela nabarmendu da. Gainontzean, azkeneko klasea aprobetxatu nahian, irakaslea IKTei eta hauen ekarpenei buruz hitz egiten aritu da eta gai horrekin lotura estua duten bideo interesgarri batzuk jarri dizkigu. Erdaraz egon diren arren, oso ulergarriak izan dira eta nahiko interesgarriak, batik bat gure etorkizunari begira. Lehenengoak diziplinari buruz hitz egiten du eta hurrengo esaldia azpimarratzen du: "guk ez ditugu ibilgailuak sortzen, guk pertsonak sortzen ditugu" (Sesha - Disciplina) eta bigarrenak ikaskuntzan berriro pentsatzea proposatzen digu, zehazki berrikuntza teknologikoari zentzua ematen dion ikuspuntutik, Juana Sancho Gil - Respuestas para pensar. 

 


Bederatzigarren saio teorikoa

9. saioa: Abenduaren 11a

Egun honetan ezin izan naiz IKTko klase teorikora joan. Izan ere, lauhilabateko honetako azken etapan gaude eta denbora gutxi eta lan asko ditugu oraindik entregatzeko eta aurkezteko. Baina, dena dela, klaseko kideei galdetu diet ea zer egin duten klasean eta antza denez, dokumentatzaile batzuek euren aurkezpenak egin dituzte. Beraz, arratsaldean, dokumentatzaileen blogak ikusten ibili naiz eta oso lan aberatsak eta landuak egin dituztela ikusi dut.

sábado, 20 de diciembre de 2014

Debekatutako hezkuntza

Debekatutako hezkuntza film-dokumental bat da eta konbentzionalak ez diren esperientzia hezigarriak ematen ditu argitara. Honen guztiaren berri izatea ezinbestekoa da, gaur egungo hezkuntza hobeto ezagutzeko eta mundu osoko hezkuntza-sistema ezberdinak ezagutzeko. Hona hemen nabarmen daitezkeen idea nagusiak:
 
1. Hezkuntzak gizakiaren garapen osoa bultzatu behar du.

2. Ezagutzak edota edukiak ez dira absolutuak, informazioa ez da beti zuzena izaten, denbora aurrera joan ahala eta zientzia garatu ahala, aldatu egiten da. Ideala, beraz, ikasten ikastea, bereizten jakitea, interpretatzea eta kritikoki baloratzea da.


3. Garrantzitsuena ez dira emaitzak, bidea baizik. Emaitzak baloratzean, pertsona bakoitzaren gaitasunak baztertzen ditugu.


 
4. Geletan ez da hierarkiarik egon behar, gurasoek eta irakasleek demokrazia sustatu behar dute, autonomia eta dibertsitatearekin batera, modu honetan irakaskuntza orientatzen dutelarik.
 
5. Irakasleak umearen gaitasunetara eta ahalmenetara egokitu behar da eta ez alderantziz. Horretarako, beharrezkoa da estrategia didaktikoak flexibleak eta adaptagarriak izatea, umearen hazkuntza eta interesei egokitzeko.
 
6. Irakaskuntza prozesua ez da mailakatua izan behar, hau da, umeak interesen, trebetasunen eta esperientzien arabera sailkatu behar dira. Modu honetan, ez dago maila altuago edo baxuagorik eta lehiakortasuna saihestu egiten da.
 
7. Irakaskuntzak umeen testuinguru eta bizipenekin harremana izan behar du. Teoria kantitatea baxua izan behar da, haurrek euren ondorioak ateratzeko eta pixkanaka-pixkanaka eraikitzen dituen ezagutzak gero eta konplexuagoak izateko.
 
8. Eskolan irakasleak, familiak eta komunitateak elkarlanean aritu behar dira.
 
9. Gaur egun, eskolaren helburua ez da umeak formatzea, ezta balioak nahiz ohitura sozialak transmititzea, hau adoktrinamendu hutsa baita. Eskolak, hortaz, haurrek euren balio eta ohitura propioak sortzeko eta osatzeko lekua izan behar du.
 
10. Hezkuntza prozesua amaigabea da, bizitzan zehar beti gaitasunak garatuz goaz eta.
 
11. Irakasleak ikasleetatik ere ikas dezake eta orientatzaile den heinean, aldez aurretik bere burua ezagutu beharra dauka (beldurrak, intereseak, sentimenduak, gaitasunak…), ikasleen irakaskuntza eta hezkuntza prozesu biei laguntzeko.
 
12. Hezkuntza ume bakoitzari egokitzeko, irakasleak umeak ezagutu behar dituzte. Ezagutza hau holistikoa izan behar da, hots, gizakiaren area guztiak kontuan hartu behar dira (fisikoa, emozionala, mentala eta espirituala).
 
13. Ikasleen dibertsitatea kontuan hartu behar den bezala, garrantzitsua da pentsamendu dibergenetea ere kontuan edukitzea, konponbide ugari egon daitezke eta. Horretarako, funtsezkoa da sormena sustatzea.
 
14. Boterarengatiko borrokak eta eihakortsunak umeak kaltetzen dituzte. Horiek horrela, eskolak demoktratizatu egin behar dira, sortzen diren liskarrak gainditzeko eta hauek aldaketa modu bat bezala ikusteko.
 
15. Irakasleriak umeen hazkuntza emozionaletan ere parte hartu behar du, adoktrinatu gabe, hau da, umeak, hauen ideiak, gogo aldarteak, iritziak… kontrolatzen laguntzeko.
 
16. Hezkuntza-sistema eta gaur egungo gizartea ez datoz bat. Ondorioz, ez du ondo funtzionatzen eta sarritan ez ditu helburuak lortzen. Beraz, hezkuntza momentu bakoitzeko testuingurura moldatu behar da.

 

Redes programa


Hezkuntza-sistema anakronikoa da

Antza denez, hezkuntza zaharkituta dago.

“La educación está reprimiendo los talentos y habilidades de muchos estudiantes y está matando su motivación para aprender” (Ken Robinson). Gazteei sortzaileak izaten irakatsi behar zaie, eurei benetan gustatzen zaienaz pentsatu eta hausnartu behar da eta ez da hainbeste oinarritu behar inguruan gertatzen denaz. Izan ere, irakasleak existitzen jarraitzearen arrazoia zera da: ikasleei argia ematea, motibazioa piztea. Nola? Benetan atsegin dutenarekin. Neska-mutil guzti-guztiek dute izugarrizko potentziala eta horretaz jabetu behar da.

Hezkuntza-sistemak iraganean sortu ziren, garai hartako erronka desberdinei erantzuteko asmoarekin eta denbora aurrera joan ahala, gero eta mugatuagoak bihurtu dira. Mundu osoan daude hezkuntza berriztatzeko saiakerak. Ez zaie garrantzia eman behar soilik matematikei edota hizkuntzei, baizik eta trebetasun artistikoei, gizarteei, gorputz hezkuntzari… Hemen, arrail handia sortu ohi da beharrizan indibidualekin eta hezkuntza arloarekin.

Hezkuntzaren helburua oinarrira bueltatzean datza, alor ekonomikoa, identitate kulturalarena (mundua ulertzea eta norberak munduan duen lekuari buruzko ideiak ulertzea ahalbidetzen diguna) eta pertsonalarena. Zertarako? Gure bertsio onenean bihurtzen lagun diezaguten, gure abilezia horiek aurkitzen lagun diezaguten.  Hezkuntza sistema industriala daukagu, ekoizpenean oinarritutako hezkuntza-eredua hain zuzen ere (industrializazioaren ondorioz). Hiru aldaketa horiek azaltzen dute hezkuntzaren munduan, ekonomiaren munduan eta kulturaren munduan sortzen den antsietatea.
 
Hona hemen dokumental osoa: Hezkuntza-sistema anakronikoa da - Ken Robinson
 

sábado, 29 de noviembre de 2014

Zazpigarren saio teorikoa


7. Saioa: Azaroaren 27a

 
Gaur nire taldekideek eta nik aurkezpena izan dugu eta nahiko ondo atera dela esango nuke. Jendea nahiko adi egon da eta ez da astunegia izan, hasieran izan nuen beldurretako bat. Aukeratu dugun programa oso entretenigarria eta, aldi berean, ulerterraza dela uste dut eta horrek, hein batean, asko lagundu digu. Gainera, letrekin batera eskaintzen duen musika oso ona izan da arreta geureganatzeko. Hortaz, aukeraketa ona egin dugula esan dezakegu eta egin dugun lana behar bezala azaltzea lortu dugula. Gainontzeko taldeei dagokienez, esan beharra dago oso ondo egin dutela euren aurkezpena eta denbora eta esfortzu handia eskaini diotela nabaritu da.

Seigarren saio teorikoa


6. Saioa: Azaroaren 20a

Gaurko saioan ere aurkezpenak egiten jarraitu dugu eta beste gai ugari landu izan dira. Esate baterako, batzuek konpetentzia digitalen inguruan hitz egin dute, beste batzuek IKT nola erabil daitezkeen ere azaldu dute, beste talde batek hezkuntzaren eta IKTen arteko harremana azaldu du, eskola 2.0ri buruzko aurkezpen bat ere egin da eta, azkenik, eskolan erabiltzen diren IKTak azaldu dituzte. Orokorrean, aurkezpenei dagokienez, aurrerapauso bat egon dela ikusi da. Izan ere, aipatzekoa da aurkezpenak gero eta aberasgarriagoak eta landuagoak izaten ari direla.

Bosgarren saio teorikoa


5. Saioa: Azaroaren 13a


Saio honetan, aurkezpenak egiten hasi gara eta talde bakoitzak gai bat landu behar izan du. Gaurkoan, batzuek teknologiek eskoletan nahiz gizartean dituzten abantailez hitz egin dute, beste batzuek teknologia hauek gizartean duten rola azaldu dute, beste batzuek Web 2.0-ri buruzko azalpenak eman dituzte… Oro har, oso gai interesgarriak eta landuak jorratu dituzte eta erabili dituzten IKTen bidez, klasea nahiko entretenigarria izan da.

 

Laugarren saio teorikoa


4. Saioa: Azaroaren 6a

Modulu astea

 

Hirugarren saio teorikoa


3. Saioa: Urriaren 30a: "Visiones

disruptivas de la

educación"


Madrilgo Complutense Unibertsitatean Arte Ederretako irakasle eta ikerlari den Maria Acasok metodologia berritzaileak bilatzen ditu hezkuntza aldatzeko, izan ere, bere ustez, gaur egungo hezkuntza-sistema zaharkiturik dago.

Aldi berean, ikuspuntu disruptiboak aipatzen ditu eta horien barruan irakasleek kontuan hartu behar dituzten bost oinarri azaltzen ditu:

1.     Boterea. Sistema autoritarioak demokratikoa izan beharko luke eta ikasleak ikasle ez izan eta irakasleak irakasle ez izan, hau da, “ez irakasleak” esplizituki botereari uko egin beharko lioke eta “ez ikasleak” boterea esplizituki onartu beharko luke. Gainera, ezinbestekoa da irakasleria buru bakar batekin ez identifikatzea eta lan egitea talde batean.

2.     Ikusezina. Automatikoki lan egiteari utzi eta zuhurki lan egiten hasi. Horretarako, gure pedagogia ikusezinak zeintzuk diren aztertu behar da, baita gure norabide-mailak ere. Hau guztia ez irakasleriaren noranzkoan landu behar da: nortzuk gara irakasle bezala, nolakoa da gure espazioa eta nolakoa da adierazten dugun diskurtsoa.

3.     Espazioa eta denbora. Zurruna den espazio eta denborarekin apurtu eta horiek biak malgu bihurtu behar ditugu. Espazioaren ikuspegitik, ikasgelako altzariak aldatu beharko lirateke, hormak pertsonalizatu, janaria eta musika erabili… Bestalde, denboraren ikuspegitik, ikasgelan espazioa luzatzeko, teknologia berriak erabili beharko genituzke, batez ere Twitter, Facebook, Skype edo Slideshare, gelatik kanpo bisitak egiteaz gain, eta liburuak klasean gertatzen denaren hedapenaren ordezkapen gisa erabiltzeaz gain.

4.     Informazioa. Informazio itxiaren koadroa informazio irekiaren koadro bihurtu. Horretarako, kanpoan dagoen guztia eta gure ikasleei benetan interesatzen zaiena barneratu behar da ikasgelan. Hori dela eta, ikusizko kulturarekin eta entretenimenduarekin zerikusia duen guztia sartu behar dugu. Musika erabili behar dugu, baita gure ikasleek erabiltzen dituzten lan-sistemak ere, hala nola, Spotify eta lan-zerrendak. Ikasgelan arte garaikidea gehitzea ere oso garrantzitsua da, formatu desberdinen bitartez, adibidez, Y performance-ak, bideo-artea, argazkigintza edota sare-emails-ak erabilita.  

5.     Ezagutza. Hartzaile izatetik ekoizle izatera pasatuko ginateke. Horretarako, proiektuen bidezko lanez osaturiko metodologia erabiliko genuke.

Bideo hau hiru galderekin amaitzen du igorleak:

1.     Hezkuntza-prozesuari buruz hausnartzen dugu?

2.     Metodologiei erreferentzia eginez, irakasleek bizi izan duten metodologia tradizionala erreproduzitzen dute ala askatasunez aukeratzen dituzte? Antza denez, askotan ez zaie lehenengo metodologia gustatzen, baina haiek eremu horretan murgildu izan direnez, aurrera eramateko joera dute.

3.     Lanetarako metodologia berritzaileak garatu daitezke?

domingo, 23 de noviembre de 2014

Entregatzeko bigarren lana


Aprendizaje estratégico y tecnologías de la información y la comunicación: una revisión critica

1. Laburpena:

Artikulu honetan, ikaskuntza-estrategien definizioaren eskema bat aurkezten da, ikaskuntzaren teknologien kontribuzio berrietan oinarrituta. Definizio berri honek dioenez, posibilitate teknologikoak posible egin dezake ikasle batek edo ikasle talde batek ikaskuntza estrategikoak garatzeko modu berriak erabiltzea. Hau programa informatikoen, erreminta teknologikoen edota ingurune hezigarrien bidez lortu daiteke. Testu honetan berrikusten da nola aldatzen diren ikaskuntza-estrategien ezaugarri desberdinak IKTak hezkuntzan sartzearen ondorioz. Azkenik, artikuluak erronka kontzeptual berriak eta ikerketaren etorkizuneko garapenak azpimarratzen ditu.

Beraz, atal honen helburu nagusia ikaskuntza-estrategien definizio kontzeptual berria proposatzea dela esan dezakegu, IKTek hezkuntza arloan izan duten inpaktua kontuan hartuta.

“IKT” eta “hezkuntza estrategia” hitzen esanahia urteetan zehar aldatu da. IKTak klasean txertatu zirenetik, lotura handia duten bi kontzeptu dira.  Izan ere, IKTen erabilera egokiak ikaskuntza prozesu eraginkorra lortzea ahalbidetu dezake. Horretarako, ezinbestekoa da IKT-ak kritikotasunez erabiltzea. Hau da, hezkuntza egoera ezberdinetan ondo erabiltzen jakitea.

Testuinguruotan, IKTen erabilera hezigarrien eta ikaskuntza-estrategien sorkuntzen arteko erlazioak aztertzen dira. Horretarako, estrategia horien aspektu batzuk nabarmentzen dira, hala nola, hezkuntza-egoera berriak, konpetentzien curriculuma, ikaskuntza kolaboratzailea eta ikaskuntzaren autoerregulazio eta koerregulazioa, betiere argibide gogoetatsuak, feedbackak edota metatutor batekin egindako interakzioak erabiliz.

Gaur egun, teknologia hauek abantaila asko dituzte, kasurako, tradiziozko ariketak beste era batean egiteko aukera ematen dute, problema errealak burutzea ahalbidetzen dute, ikasleen ikasketen autoerregulazio eta koerregulazio prozesuak eraldatzen dituzte, taldekideen arteko hezkuntza-harreman prozesuari buruzko informazio guztia eskuragarri jartzen dute, ikasleek informazioa bilatzeko baliabide eta modu eraginkorrak eskaintzen ditu, gizakion funtzionamendu mentalarengan eta norberaren ikasketa-prozesu kognitiboan laguntzen dute eta ikasleen ikasketa-prozesuak ebaluatzeko sistemak aldatzen dituzte. Azkenean, irakasleriak ikasleriaren aurrerapenei eta beharrezinei buruzko informazioa jaso dezakete eta, era berean, euren esku-hartzea ikasle bakoitzaren egoerara egokitu.

Bestalde, IKT-ak behin eta berriz aldatzen direla aintzat hartuz, etorkizunean nola bideratuko diren jakitea oso zaila dela esan genezake. Hala ere, ikaskuntza-estrategiei zein IKT-ei buruzko ikerketa ugari daude, zeintzuk bost taldetan bereizten diren. Esan beharra dago ikerketekin loturiko erronka berriak agertzen direla, hurrengo ardatz nagusien inguruan oinarritzen direnak: edukien pertsonalizazioa, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuan simulazio eta jokoak eta IKTak eta instrukzio-prozesuen erregulazioa.

Aipatutako ikerketa-lerroak haien artean gurutzatzen eta eragiten dira etengabe. Komunean duten ezaugarria da irakaskuntza eta ikaskuntza “ekologiko” baten alde egiten dutela.

2. Hitz gakoak:

Ikaskuntza-estrategiak, hezkuntza, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak), teknologien erabilera hezigarriak, informazio-gaitasuna, ikerketak, aldaketak, eraginak…

3. Galderak
- Zergatik da hain garrantzitsua IKTak hezkuntzan txertatzea?
- Zeintzuk dira gaur egun gai honen inguruan agertzen diren erronka nagusienak?

4. Aurkezpena

Azkenik, aurreko lan guztia hurrengo programa informatikoaren bitartez aurkeztu dugu, IKTak erabiltzeko asmoz eta entretenigarriagoa eta jasangarriagoa izateko xedearekin. Hona hemen aurkezpenaren helbidea: http://www.powtoon.com/show/cQw0d3sZmN0/

5. Nire oharrak



 

jueves, 13 de noviembre de 2014

Bigarren saio teorikoa

2. Saioa: Urriaren 30a

Greba eguna!


Lehenengo saio teorikoa

 1. Saioa: Urriaren 16a

 
Gaur IKT – Informatikaren lehenengo eguna izan da eta, lehenik eta behin, ikasgaiari buruzko aurkezpena egin du irakasleak. Jarraian, aurre-ezagutzak aztertzen hasi gara. Horretarako, gai horren inguruko bideo bat ikusi dugu eta gero, begiak itxi behar izan ditugu, erlaxatzeko eta deskonektatzeko asmoz. Minutu batzuk pasata, begiak ireki ditugu eta irakasleak galdera bat egin digu gutako bakoitzari: zer etorri zaizu burura? Bakoitzak berak pentsatu duena orri batean idatzi du. Honela, hausnartzera bultzatu gaitu. Laburbilduz, lehenengo saio hau nahiko ona izan da, alde batetik, eroso sentitu naizelako eta, bestetik, metodo berritzaileak erabiltzen dituelako.


 

viernes, 31 de octubre de 2014

Entregatzeko lehenengo lana


IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

  • Sintesia: Gaur egungo gizartea informazioaren eta ezagutzaren oinarritutako gizartea dela diote batzuek. Izan ere, teknologia berriei esker, gure gizarteak izugarrizko aurrerapena jasan du azken urteotan eta, beraz, komunikatzeko ez ezik, informazioa bilatzeko edota edozer gauza mundu guztiarekin partekatzeko bitarteko gehiago daudela esan genezake. Eskola, aldiz, ez da era berean garatu, inondik ere ez. Hori dela eta, baztertuta edo errealitatetik kanpo geratu dela esan ohi da. Baina, zergatik gertatu ote da hori? Egia da teknologia-baliabide horiek, neurri batean, era askotako laguntzak eskaintzen dizkigutela, hala eta guztiz ere, gerta daiteke horiek guztiek gure artean menpekotasuna sortzea (bideo-jokoen, mugikorren, telebisten, ordenagailuen… kasuan gertatu den bezala). Horiek horrela, irakasleek IKTak erabiltzen saiatu beharko liratekeela uste dut, baina kritikotasunez eta jarrera hori ikasleen artean hedatu.
 
  • Hitz gakoak: Gizartea, hezkuntza, teknologia, informazioa eta ezagutza.

  • Galderak:  
  1. Ze alternatiba egon daitezke hezkuntza gizartearen aldaketetara egokitzeko?
  2. Ze abantaila eta desabantaila ditu metodo berritzaileak erabiltzeak?